XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Estreinatu zen une beretik, Gernika'ko Arbolak diren erreakziorik grinatsuenak sortu zituen: maitasuna eta poztasuna batzuengan eta beste batzuengan, kezka eta beldurra.

Beti izan da zortziko ederra, kutuna eta ia erlijiosoa.

XIX. mendearen bigarren erdi osoan, foruak zirela eta sorturiko gorabeherek himno bihurtu zuten.

Behin baino gehiagotan esan izan da Gernika'ko Arbola euskaldunen Marsellesa dela; baina ezta urrik ere.

Iparragirreren zortzikoa, hiltzeko arriskuan dagoen semeari amak ematen dion maitasunezko musua bezalakoa da: haren intzirian itxaropena dago, anai-arreben arteko batasuna erregutzen duen maitasuna eta finkotasun lasaia haren doinuetan.

Iparragirre, bertsolari tipikoa zen, ibiltaria, eta kitarrarekin bide guztiak ibili zituen.

Café San Luiseko estreinaldiaren ondoren, Gernika'ko Arbola Euskal Herri osoan kantatu zuen, baserri, plaza, kafetegi, kasino, frontoi eta antzokietan.

Jose Manterolak honela deskribatu zuen Gernika'ko Arbola: mendeetan zehar Espainiako txoko txiro baina zintzo honi zoriontasuna ekarri dioten erakunde jakintsuenganako bake eta maitasun abestia da.

Ezinezkoa egiten da kantuak sortu zuen grina hitzez adieraztea.

Herriarengan piztutako gar handi eta sakonak bestalde, errezelo ugari ere piztu zituen eta ondorioz, handik bi urtetara, 1855ean, Iparragirre populuaren agitatzailetzat harturik, Tolosako gartzelara eraman zuten eta Euskal Herritik erbesteratu.

Pedro Egañak, erreinuko senadore eta Arabako probintziaren aitak, honela azaldu zion Senaduari: ez zuen, inondik inora, autoritate-printzipioari kalte egingo zionik esan; baina, foruen bizitzaren aldeko kantak piztu zuen garra hain izan zen handia, ezen trobalaria erbesteratu beharra egon zen.

Arima hezigaitza eta pertsonaia geldiezina, bi urtez Santander, Asturias, Galizia, Portugal eta Andaluzian zehar ibili zen.

Azkenean, Gipuzkoara itzuli eta maitemindu egin zen.

Oraindik hamazazpi urteak bete gabe zituen Angela Querejeta izeneko neskatxa bat (...).